2017/12/12

MUNDUKO JAIOTZEN ERAKUSKETA


Azaroaren 29tik Urtarrilaren 7ra arte ikusgai egongo dira 132 maketa Eleiz Museoko klaustroan. Astelehenetan izan ezik martitzenetik zapatura zabalik egongo da goizeko 10:30etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Domeketan eta jaiegunetan goizeko ordutegia baino ez.

2017/10/17

BIHOTZIK GABEKO MORROIAK

Bost sutetik lau gizabanakoak eraginda. Bost axola niri piromanoak edo zentzugabeko nekazariak eta artzainak izatea. Bada garaia plaga honekin behin betikoz amaitzeko. Noiz arte egongo dira agintariak ikusle moduan?
Gero eta jende gehiagok eskatzen du dronak erabiltzeko suteak prebenitze aldera. Adituen arabera, oso erabilgarriak dira sute posibleen kasuan eta sugarrak itzaltzea kontrolatzeko, eremu zehatz batean tenperatura ezberdinak jasotzen baitituzte eta, horrela sutea non sortu daitekeen antzeman baitezakete. Gainera, argi-kamera bat eta kamera termikoa dituzte, ordu batean eta denbora errealean segimendua egin ahal izateko arakatutako zonaren irudiekin.
Baina neurri hau benetan baliogarria al da? Morroi horrek ez du bere bizkarra egindakoarekin mindutako haien sufrimenduaz zamatzen. Kalte egin nahi duenak badaki, nahi izanez gero, mendi osoak kiskal ditzakeela eta horrekin batera inguruan dauden pertsonekin akabatzea. Gero adina, arazo psikologikoak eta antzeko lelokeriak argudiatuko ditu. 
Nahiz eta legea gogortu, oraindino ordaindu beharreko zigorrak ez dira nahiko sorturiko minagatik. Egungo gizarte aurreratuan denetarik dugu: basozainak, suteen aurkako sentsibilizazio kanpainak hedabideetan, suhiltzaileak beren kamioi, helikoptero eta abarrekin. Hala ere, gure aitona-amonen garaian apenas izaten zela suterik mendietan. Argi dago gizabanakoa endekatu egin dela eta erantzun egokiaren beharra dagoela.
Ez zen errazagoa izango jaio bezain pronto txipa txertatzea gorputzean? Terrorismo hau eta beste motatako delinkuentzia kontrolatzeko modu ezin hobea izango zen. Beste batzuei kalte egin baino lehen haien bihotza gelditzea, baldin badute bihotza morroi horiek.

2017/10/03

URRIAK, 4 - ANIMALIEN MUNDUKO EGUNA

Bihar ospatuko da beste bat eta animalien aurkako bortitza jasotzen jarraitzen dugu. Batzuek sasi kulturaren edo  kirolaren izenean justifikatu egiten dute haien eskrupuluen falta, ez esateagatik gizateriaren falta.
Pasa den abenduan txakur babes etxetik hartu nuen Spaniel Bretona. Gizajoak apenas pisatzen zuen. Hortik gutxira hasi zen gastroenteritis odolduaz. Dena den mainei eta zaintzei esker, berehala irabazi zuen pisua. Arazo bat gaindituta baina suziriak bota gabe, delikatua baita oso. Eztulka egunero ibiltzen zen arren,  ez nuen espero buruan eta gorputzean berunezko perdigoiak izatea.
Infekzioa gertatu delako ebakuntza egin beharko diot.
Benetan batzuetan ehiza-barrutietan beste erabilera ematea burutik pasatzen zait ... Bakoitzaren irudipenak badakizue.



2017/09/20

EUROPA DEMOKRATIKOAREN ALDE

"Europa bat eta handia" leloa zakarrontzira bota beharko dute. Azken egunetan lotsagarria izan da Europako agintari batzuen esanak edo ez esanak. Batzuek mehatxatu dute Europatik kanpo gelditzearekin, aspaldian Eskoziarekin egin zuten bezala. 
Hemengo politikariei, kazetariei eta epailei buruz zer esango dugu, bada, gehienak zakarrontzitik atera badira.
Europa demokratiko batean legezkoa da erreferenduma egitea. Are gehiago, europarren ahotsa errespetatu eta ziurtatu behar da. Gainera XX. mendean prozesu independentista asko gertatu dira Europan.



Alde batetik, bide politiko hau Konstituzioan agertzen ez dela diote  baina, beste aldetik, Europatik datorrena onartzen dute nahiz bere soberaniaren aurka jo. Argi dago konstituzioaren kontua aitzaki ezin hobea dela saiatzeko isiltzen herriaren ahotsa. 
Europatik askosaz gehiago espero dugu, baina zoritxarrez...  
Gerra zibilean haien esku-hartzerik ez eta diktaduraren aurrean isiltasunaren bezalako aurrekari historikoek berez hitz egiten dute.
Honela, bada, Europa maitea, hobe duzu isilean jarraitzea.


2017/09/14

MIKRO-PLASTIKOAK ITSAS GATZAN

Gure ozeanoetan mila tona plastiko daudela ez da atzo goizekoa. Bai ordea, kutsadura hori gure elika-katean sartu dela.
 Ikerketa baten arabera mahai gatzak mikro-plastikoak ditu. Emaitzak “Scientific Reports” aldizkarian argitaratu dira. Antza 2016ko iraila eta 2017ko ekainaren artean Atlantikoko (Galizia, Huelva eta Kadiz), Mediterraneoko (Bartzelona, Gerona, Valentzia, Murtzia eta Menorka) eta Kanariar uharteko (La Palma eta Lanzarote) gatzagetan ekoizturiko gatzak aztertu dira eta den-denek plastikoak dituzte kantitate ezberdinetan (60-280 mikro-partikulak). %83,3a tereftalato  polietileno, %6,7a polipropileno eta %3,3 polietileno.  Gainera analisiak hiru aldiz errepikatu ziren akatsei ekiditeko.
Munduko beste zientzilariek emaitza berdinera iritsi dira (Shangai 2015). 
Baina zenbat plastiko irents dezakegu mahai-gatza kontsumitzean?

Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioari jarraitzen badiogu eta egunean gehienez 5 gramo gatz jaten baditugu, urte batean 510 mikro-partikulak izango ziren. Ez du ematen nahiko altua denik, batik bat kontutan hartzen badugu beste elikagaiek kantitate handiagoa dutela, muskuilu baten kasua adibidez (178 plastikozko mikrofibrak).
Dena den, ez zuten esaten plastikoek mendeak baino milurteak ematen zituztela degradatzeko?
Traza txarra hartzen diot plastikoaren kontuari.

2017/05/30

EKAINAK, 8 -0ZEANOEN MUNDUKO EGUNA


 

Ostegun honetan hondartzen denboraldia hasiko da. Urtero bezala milaka gomendio ematen dira segurtasunaren eta hondartzen garbitasunaren aldetik, baina ez uren garbitasunari buruz. 
Gure ozeanoak plastikoz beteta daudela ez da atzo goizekoa. Horrexegatik bada garaia debekatzeko erretzea eta plastikoz edo zilarrezko paperaz forratutako bokatak eta halakoak jatea hondartzan bertan. Baliteke hondartzan dagoena desagertzea garbitzaileen lanaren ondoren, baina ez itsasbazterrean  pilatzen dena (plastikozko botilak, egur zatiak, plastikozko poltsak, krema ontziak, kondoiak, zigarropuntak ...) Denok dakigu non amaitzen den hori guztia eta ezin dugu beste alde begira egon. Datorren ekainaren 8an ozeanoen munduko eguna ospatuko denez, egun aproposa izango zen  horren berri emateko eta garbiketa taldeak antolatzeko.

2017/05/28

EKAINAK, 5 - INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA

Datorren astebururako dana prest dago. Hemen ezezik, 100 herrialde baino gehiagotan ere hartzen dute parte ospakizun honetan.
1972an Nazio Batuek antolaturiko eguna ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa bultzatzeko tresna ezin hobea bihurtu da.
"Jendea eta natura, harremanetan, hirian nahiz landa-ingurunean, poloetatik ekuadorreraino" lelopean gonbita egiten digu. Aurtengo anfitroia Kanada izango da.
Auzuneak garbitzea, bizi basatiaren arloko delinkuentziaren aurkako ekintzak garatzea, basoak birlandatzea edo mendiak garbitzea bezalako ekitalde antolatzen dira.


2017/05/11

MAIATZAK, 14 - DEIADAR MENDIEN EGUNA

Domeka honetan XIV. edizioa ospatuko da Sollube 707 mendizale klubak eta MungiakoTallu mendizale taldeak antolatuta. Soberan dago esatea Solluben ("Urdaibaiko begiratokia") egingo dutela aurten. 
Ibilbide bi antolatu dira, bata Bermeoko Taraskan hastan dena goizeko 09:30etan eta beste bat Arrietako udaletxean 10:00etan.
6 kilometroko martxa klasiko honetan naturaz, kirolaz eta naturaz goza daitezke. Urtero bezala tontorrean ospakizuna egingo da eta eguerdian adarrak joko dira tradizioari jarraituz.

Baina nondik dator ohitura? Erdi Aroko herriak sakabanatuta zeudenez, bizimoduak baldintzatuta, deiadar-mendiak sortu ziren herritarrak jakinaren gainean jartzeko metodo eraginkor moduan. Aintzinean Bizkaiko bost mendi tontorretatik egiten zuten Gernikako Batzar Nagusirako deia adar soinuaz eta argi-seinaleetaz baliatuta. Abisua ematen zuen lehenengoa Gorbeia zen eta, segidan, beste mendiek (Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Oiz) erantzuten zuten bere tontorretatik. Holan herritarrek jakiten zuten  hurrengo Ilargi-aldaketan Batzar Nagusiak ospatuko zirela.
Denboraren poderioz,  deia ermitetako kanpaien bidez ordezkatu zen  eta geroago idatzizko testuen bidez, XVII. mendean behin-betirako galdu arte. Hala ere, 2004an, Bizkaiko Batzar Nagusien 25. urteurrenean tradizio polit hau berreskuratu zen.
Aurten berriro deiadar mendi batetik bestera eramaten den adar bera erabiliko dute deia egiteko.

2017/05/04

I. EUSKAL ARTISAU GARAGARDO FESTA

Maiatzaren 4tik 6ra  I. euskal artisau garagardo festa ospatuko da Santurtzin Tangram taldeak antolatuta.
Gure inguruko artisau  garagardo ekoizleak izango dira: Titos Blas, Maiken, Garagart, Boga, Mattinada, Gastheiz eta Black Bitch.
Badakizu garagardo hauek dastatzeko Arrantza Portura joan behar arratsaldeko 17:00etatik 00:00etara lehenengo bi egunetan; larunbatean, ordea,12:00etatik 00:00etara.
Euria eginez gero Plan B izango dute Gernikako Parkean.



SANTURTZIKO LIBURU ETA DISKO AZOKA 2017

Maiatzaren 5etik 14ra ezarri dute zita Parke Nagusian. Beti bezala euskal nobedadeetan liburu eta diskoek  %10eko deskontua izango dute. Azokan idazleak egongo dira euren liburuak sinatzen.
11:00etatik 14:00etara  bitartean eta 16:00etatik 20:30etara bitartean bisitatu ahalko da.
"Euskal poesia" erakusketa ere izango da ikusgai. 1940 urtera arte jasoko da erakusketa hau. Bertan Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Aitzol... bezalakoen argazkiak eta azalpenak ikusiko dira. Euskal poeta horiek nazio-izaera goratzen zuten haien idatzietan. Diktadurapean bakoitzak bere modura erantzuten zuen. Aitzolek "Euskaltzaleak" elkartea antolatu eta bultzatuz. Orixek euskal kontzeptua landuz. Lizardik eta Lauaxetak kultur ekintzaile eta poeta gisa. Testuinguru horretan euskal poetek 1. mailako garrantzia hartu zuten.




  


2017/04/08

BTT KONTZIENTZIAZIO KANPAINA

Bizkaiko Foru Aldundiak BTT kontzientziazio kanpaina jarri du martxan Apirilaren 1etik ekainaren 30era. Oraingoan Parke Naturaleko mendi-bide eta bidezidorretan begirunezko elkarbizitza sustatzeko asmoa du helburu.



2017/03/21

KEINU SINPLEAK INGURUMENAREN ALDE

Martxoaren azken larunbatero bezala planetaren ordua ospatuko da
"ez zaitzala inork geldiarazi" goiburupean. Urtero legez, ingurumenarekin bat egiteko ekimen mordo dagoen arren, badagoz urtean zehar egin ditzakegun keinu sinpleak bai etxean, bai bulegoan, bai erosketak egitean ...

Etxean           
  • Birziklatu ahal duzun guztia.
  • Amatatu standby guztiak. Etengailua duen lapur batean konektatu eta hori amatatu erabiltzen ez dituzunean. Aztarna ekologikoa murrizteaz gain, dirua aurreztuko duzu.
  • Eguzkiaren onuraz gozatu. Eguzki energia izateko materiala birziklatuarekin egin daitezke eguzki panelak.
  • Sistema elektrikoa gainbegiratu.
  • Burua erabili etxea margozten duzunean eta latex-pinturak erabili.
  • Ura aurrezteko neurriak erabili.
  • Lehorgailua alde batera utzi, eta arropa eskegi kanpoan.
  • Erosketa berdea egin.
  • Etxeko argiztapena aldatu.
  • Aireztapen artifiziala errefusatu.
Bulegoan  
  • Papera birziklatu.
  • Ordenagailuaren energia aurreztu.
  • Gobernuz Kanpoko Erakundeei eman ordenagailu eta beste tresna zaharrak.
  • Saihestu paperaren erabilera ahal den neurrian. Dokumentuak gorde fomatu digitalean.
  • Fotokopiak egin beharrean posta elektronikoa erabili.
  • Inprimagailuak eta faxen erabilera murriztu, baliabide elektronikoei lehentasuna emanez.
  • Behar-beharrezkoa bada inprimatu bi aldeetatik.
Erosketak egitean
  • Bertoko produktuak erosi.  
  • Ez joan esku-hutsik dendara. Eraman beti zure etxetik poltsa. Plastikozko poltsa arrunt batek 50 urte behar ditu desagertzeko.
  • Lurrari kalterik egin gabe jan. Nekazaritza ekologikoak lurraren emankortasuna handitzen du eta ekosistemen nahiz laborantzaren ziklo naturala errespetatzen du.
  • Alderatu eta erabaki. Erosi baino lehen, irakurri. 2.000 produktu baino gehiagok Europako etiketa ekologikoa du.
  • Produktuak erosi, ez bilgarriak. Prezioak garestitzeaz gain, ez dute kalitatea hobetzen. Bilgarriak eta ontziak gure zarama-poltsaren erdia edo herena dira.
  • Elkartasunez erosi. Erosten dugunaren jatorria kontutan hartu, holan urruneko lekuetan kalteak eragitea eragotz dezakezu.
  • FSC zura zertifikatua aukeratu dendetan. Modu horretan landa herrien aurrerapen ekonomikoan eta gure basoetako sute eta zuhaitz-ebakitze ezlegezkoen aurka laguntzen dugu .

2017/03/15

KORRIKAREN 20. EDIZIOA


Korrikak egingo du 2.535 kilometroko ibilbidea hamaika egunetan.
Ohi legez aurreko Korrika amaitu zen herrialdean hasiko da aurtengoa.  Martxoaren 30ean izango da irteera Otxandion arratsaldeko 17:00etan eta Apirilaren 9ko goizean Iruñera helduko da. 
"BatZuk" izan da aukeraturiko leloa. "Bat egitera, zuk egitera, euskaraz"
Egunean egon gura baduzu Korrikako app deskargatu Google Play-ean. Bertan agenda kulturala, egoera denbora errealean, mapa distantziak ezagutzeko eta hainbat informazio interesgarri dago eskura.
Hona aurtengo abestia motorra berotzeko.


2017/03/09

MARTXOAK, 25 - PLANETAREN ORDUA

Urtero legez WWF erakundeak antolaturiko klima aldaketaren aurkako mobilizazio kanpaina antolatuko du. Seguraski ezagunena martxoaren azken larunbatean egindako argien amatatzea gaueko 20:30etatik 21:30etara. Berotze globalari aurre egiteko guztion konpromezua inoiz baina beharrezkoa da. 
Hurrengo txostenean ikus daiteke munduko bioaniztasuna arriskuan dagoela. 1970-2012 bitarteko datuek  arrain, hegazti, ugaztun, narrasti eta anfibioen populazioa %58an txikitu dela ziurtatu egiten dute.
                 


Beraz, martxoaren 25ean proposaturiko keinu txiki honekin asko egin dezakegu. Dena den, argia amatatzeaz gain, badagoz beste ekintzak aurtengo leloak dioen legez: "planetaren orduan, ekintza klimatikoarekin piztu mundua". Etxean, lanean edo erosketak egitean zentzuz jokatu, eta gogoratu gure egunerokoan keinu pilo dagoela gure amalurraren alde.

2017/02/22

INGURUMENAREN ALDE BESTE PAUSU

Caritasek susperturiko kooperatiba eta enpresen sareak (Koopera) 18.000 tona arropa biltzen ditu urtero. Bilketa egin ondoren,  arropa sailkatu eta aukeratu egiten da kaleratzeko. Beharra duen jendeari emateaz gain, kontsumo jasangarria sustatzen da salmentaren bidez bigarren eskuko dendetan.
Caritasek gizarte bazterketa jasatzen duten edo jasatzeko arriskuan dagozen pertsonen gizateratze-laneratzea du helburu era askotako jarduerak garatuz (ingurumen-zerbitzuak, berrerabiltzea eta birziklatzea, kontsumo jasangarria, heziketa ...). 
Oraingoan proiektu berria garatu du baztertzen den arropari irtenbidea emateko. Holan, "Kooperak" 700 tona arropa erabilezina autorako tapiza bihurtuko du. Ez pentsa ez zela aprobetxatzen, ez, elektrizitatea sortzeko erabiltzen zen. Baina modu honetan autorako tapizak gero birzikla daitezke.
Badakizu, hurrengoan baldin baduzu arropa zaharra edukiontzira eraman beldurrik gabe. Hemen ez da ezer botatzen.




2017/02/13

FAMILIAKIDE BERRIA

Aspaldian ez dut ezer idatzi, guztiz lanpetuta ibili bainaiz. Gutxi balitz, orain badut Xumai, bi urte t'erdiko familiakide berria, bai, otsaileko argazkian ikus daitekeena. Asaam deituriko Animalia Babesle Elkarte batean hartu nuen. Abenduan, orain dela urte bat, hil egin zitzaidan nire Suso, nire lagunik onena, hamasei urte t'erdiekin. Ez nintzen gauza beste bat hartzeko, zera, traidore moduan ikusten nuen nire burua. Egia esan, ez dut inoiz hartu (erosi) txakurra, baizik eta bat-batean agertu direla nire bizitzan. Hori bai izan dela loteriaren lehenengo saria.

Hemendik animaliak babesten eta laguntzen dituzten elkarte eta pertsona guztiei eskerrak ematea, haiek gabe ez bainuke Xumai ezagutuko.
Nire Susoren argazkiekin batera beste batzuk zintzilikatuko ditut. Pixka bat gaixo egon da, baina laster izango dituzue.