2017/05/11

MAIATZAK, 14 - DEIADAR MENDIEN EGUNA

Domeka honetan XIV. edizioa ospatuko da Sollube 707 mendizale klubak eta MungiakoTallu mendizale taldeak antolatuta. Soberan dago esatea Solluben ("Urdaibaiko begiratokia") egingo dutela aurten. 
Ibilbide bi antolatu dira, bata Bermeoko Taraskan hastan dena goizeko 09:30etan eta beste bat Arrietako udaletxean 10:00etan.
6 kilometroko martxa klasiko honetan naturaz, kirolaz eta naturaz goza daitezke. Urtero bezala tontorrean ospakizuna egingo da eta eguerdian adarrak joko dira tradizioari jarraituz.

Baina nondik dator ohitura? Erdi Aroko herriak sakabanatuta zeudenez, bizimoduak baldintzatuta, deiadar-mendiak sortu ziren herritarrak jakinaren gainean jartzeko metodo eraginkor moduan. Aintzinean Bizkaiko bost mendi tontorretatik egiten zuten Gernikako Batzar Nagusirako deia adar soinuaz eta argi-seinaleetaz baliatuta. Abisua ematen zuen lehenengoa Gorbeia zen eta, segidan, beste mendiek (Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Oiz) erantzuten zuten bere tontorretatik. Holan herritarrek jakiten zuten  hurrengo Ilargi-aldaketan Batzar Nagusiak ospatuko zirela.
Denboraren poderioz,  deia ermitetako kanpaien bidez ordezkatu zen  eta geroago idatzizko testuen bidez, XVII. mendean behin-betirako galdu arte. Hala ere, 2004an, Bizkaiko Batzar Nagusien 25. urteurrenean tradizio polit hau berreskuratu zen.
Aurten berriro deiadar mendi batetik bestera eramaten den adar bera erabiliko dute deia egiteko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina