2019/12/20

ABENDUAK, 21 - SANTO TOMAS AZOKA


XIX. mendearen hasierako ohiturari jarraituz, ez galdu nekazaritza-produktuak dastatzeko eta erosteko aukera. Beti legez, giro ezin hobea kalitatezko produktuekin batera.
Irudia José Arruerena, Bilboko euskal museoan dagoena. Bertan Bilborako bidea hartzen zuten urtearen amaieran errenta ordaintzeko. Bide batez aprobetxatu egiten zuten baserriko produkturik onenak saltzeko Bilboko Plaza Zaharrean, gaur egun Erribera Merkatua.

2019/10/13

SENTSIBILIZAZIO KANPAINA ... BERRIRO

Komuna modu egokian erabiltzea sustatzeko sentsibilizazio kanpainari ekin diote berriro.
Komunera 3 "P"ak baino ez: papera, pixa eta purrustadak.
Gezurra iruditu arren, oraindino jende askok mota ezberdinetako hondakinak botatzen ditu komunetik, ingurumenean kalte handiak sortarazten dituelarik.
Euskadin 2.400 tona zapi bustiak botatzen dira komunetik urtero. Sarean sorturiko buxadura eta matxura larriei aurre egiteko 1.000.000 €-tik gorako gainkostua izaten du, auzokideen komunitateetan zuzenean beren gain hartzen dutena kontuan hartu gabe. 
Fakturatutako zenbatekoei begirada bat emanez gero, argi eta garbi ikusten da  ur hornikuntza eta saneamenduaren tasak altuegiak direla etxeko kontagailuaren tasaren aldean.
Beti bezala, batzuen heziketa falta eta ingurumenarekiko  axolagabekeria  beste guztion ardura. 
Interesgarria izango zen batzuen bonu soziala bertan behera geratzea sarea modu jasangarrian ez bada erabiltzen. Horrela, guztion ardura izango da baina pitin bat ( beste "P") gutxiago.





2019/09/05

MUGIKORTASUNAREN ASTEA

Irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko da mugikortasunaren astea Europa osoan. Herritarren ohiturak hobetzea, mugikortasun-beharrak murriztea eta garraiobide iraunkorragoak erabiltzea ditu helburu.
"Ibili gurekin" lelopean ekimen ezberdinak burutuko dira.


2019/06/18

POSTA ELEKTRONIKOAREN URTEBETETZEA

1971eko ekainean lehenengo posta elektronikoa bidali zenetik 48 urte pasa dira. Baina ez da izango 1982ra arte, "e-mail" hitza erabili zenean. Geroago,  2011an, "email" hitza hartu zuen.
Honen arrakasta izugarria izan da herritarren artean, baina posta elektronikoaren erabilera hazi ahala, arazoak ere handitu dira. Spam-ak, birusak, iruzurrak, kateak, phishing-a edo identitatearen ordezpena bezalako arazoei orain kutsadura digitalarena gehitzen zaio.
Zera, zenbat aldiz  "Mezu hau inprimatu aurretik beharrezkoa dela ziurta ezazu. Ingurumena zure esku dago" ikusi dugu? Orain, kontrakoa. Antza, papera ekoizteak koste ekologiko izan arren, teknologia berriak baino garbiagoa da. Azken finean, paperaren portzentaia handia birzikla daiteke.
2019ko estatistikaren arabera, email bakoitzak  10 gr CO2 botatzen du atmosferara urtean. Munduan 293.000 milioi email bidaltzen badira egunean, kalkula ezazu urtean. Horietako gehienak (%90a) spam-ak dira eta beste kopuru handia ez da inoiz zabaltzen.
Beraz, sarrera ontzia garbitzean eta spam-ean filtroren bat jartzean, gure Ama Lurrari lagunduko diozu. Hori edo neanderthal  bezala  bueltatu zure jatorriei.



2019/06/10

KARMENGO JAIETAKO KARTEL LEHIAKETA

Uztailaren 12tik 21era Karmengo jaiak izango dira.
Kontzertuen kartela antolatuta dagoen bitartean beste bat falta da, jaietako erakuslehioa dena. 
Jaietako kartel lehiaketan 22 lan aurkeztu dira.  





Ekainaren 6tik 13ra bozkatzeko aukera egongo da Facebook-ean eta 14an irabazlea ezagutzera emango da Dorretxe Jauregian eguerdiko ordu batean.
Geroago, ekainaren 17tik 22ra erakusketa bat antolatuko da Dorretxe Jauregiaren Rompeolas gelan.

2019/06/03

EKAINAK, 5 - INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNA

"Airearen kutsadura" izango da aurtengo leloa. 



Munduko Osasunaren Erakundearen arabera urtero 7 milioi pertsona hiltzen dira poluzioaren ondorioz.
Arnasten dugun aireak substantzia toxikoak dauzka. Aireko partikula finen jatorria trafikoan eta industrien igorpenetan ezezik, etxeetan, hondakinen errausketan eta ikatzez hornituriko zentral elektrikoetan ere aurkitzen dira. 
Poluzioak arazo ugari sortzen ditu biztanleriarengan (arnas infekzioak, biriketako minbizia, kardiopatiak eta ezbehar zerebrobaskularrak).
Baina zer motatako neurriak hartzen dituzte gure agintariek atmosferara substantzia kutsatzaileen igorpena kontrolatzeko? Eusko Jaurlaritzak dituen neurketa estazioak ez dira nahikoak. Gainera, azken urteetan Portugalete, Getxo, Santa Ana, Zorrotza, Indautxu, Arrigorriaga eta Elorrietakoak ezabatu dira. Aipatu beharra dago Bilboko Portuan egindako neurketak ez dituela kontutan hartzen Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatearen neurketan. Honela, bada, ez dira Europako Batzordera bidaltzen. 
Santurtzin dagoen Bilboko portuko hiru neurketa estazioek PM10 eta PM2,5 mailak egun eta urteko gomendioak gainditu zituen. Munduko Osasunaren Erakundeak gomendatzen duen Sufre Dioxidoaren maila 3 aldiz gainditu zuen bakarra izan zen.
Hona hemen 2018an argitara eman ziren txostenak:
Eusko Jaurlaritzakoa eta estatukoa (hau gaztelaniaz).


2019/05/21

MAIATZAK, 22 - BIOANIZTASUNAREN MUNDUKO EGUNA



Ez du ematen gauza handirik ospatu behar dugunik, batik bat biodibertsitateari buruzko azken txostena kontutan hartzen badugu.
Nazio Batuen Erakundeko adituen esanetan zortzi milioi espezietatik, milioi bat desagertuko dira datozen urteetan. Bioaniztasun honen galerak badu zerikusia garapenarekin, ekonomiarekin, segurtasunarekin eta balio sozialekin eta moralekin.  Ekosistema guztien artean kaltetuena itsasokoa izan arren, lurrekoa pare-parean dabil %75arekin eraldatuta modu esanguratsuan.
Azken urteetan natura kontserbatzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko egin diren politikek porrot egin dute"Aurretik ezagutu gabeko atzerakada" baten aurrean gaude eta arazoari buruzko kontzientzia izatea ez da nahikoa. Konpromezuak ekintzak bihurtu behar dira. Azken finean gure ongizatea eta bizi-kalitatea kolokan daude. 

2019/05/17

MAIATZAK, 18 - MUSEOEN NAZIOARTEKO EGUNA

"Museoak kulturaren ardatz gisa: tradizioen etorkizuna" lelopean hainbat jarduera eskainiko dira doan Bizkaiko 38 museotan.
Museoak, gizartea bezala, aldatzen ari dira. Haien tradizioak mantenduz, saiatu dira behin eta berriro gizarteari hurbiltzen interaktiboagoak izanez. 
Biltegiratzeko tokiak hezkuntzarako tresnak bihurtu dira. Museo ibiltariak gero eta gehiago ikusten dira. Bisitariek eskura dute partekatzea eta elkarri eragitea. 
Museoen nazioarteko egunaz gozatu nahi baduzu hona hemen egitaraua.


2019/05/14

BIZKAIKO TXAKOLINAREN ARRAKASTA

Munduko Brusela lehiaketaren 26. edizioa ospatu zen Ainglen (Suitza) maiatzaren 2tik 5era bitartean.
Bertan aurkeztu ziren 46 herrialdeko 9.150 ardo. Guztien artean Gorka Izagirre upategiko txakolina ezezik, beste Bizkaiko txakolin bi ere aukeratu zituzten.
Aspaldian euskal gastronomia munduko onenetarikoa bihurtu da.


2019/05/08

HEGAZTI MIGRATZAILEEN MUNDUKO EGUNA


Maiatzaren 10ean Hegazti Migratzaileen Munduko eguna ospatuko da.
Hegaztien kontserbazioaren alde borrokatu nahi badugu ezinbestekoa da plastikoen kutsadurari aurre egitea.  
Aurtengo gaia "Hegaztiak babestu: plastikoen kutsaduraren aurka zeozer egin " da. Bai, gaia ez da atzo goizekoa. Egunero plastikoek ingurumenean sorturiko arazo larriei buruzko txostenak, bideoak eta erreportaiak ikusi eta entzun ditzakegu. Hala ere, ez du ematen borondate handirik dagoenik arazoa konpontzeko. Behar-beharrezkoak dira erantzun zehatzak eta horiek dira plastikoak fabrikatzeari uztea.
Kontsumitzaileok ezer gutxi egin dezakegu arazoa konpontzeko. Egia da ekimen batzuk aurrera eraman ditzakegula (3 "R", toki batzuen garbiketa, plastikoen kalteak jakinaraztea), baina ezertan geratzen dira plastikoen ekoizpena gehiegizkoa baita. Are gehiago, ekoizpen hori urtez urte gora doa. Eta tamalez, holan jarraituko du ekoizten dutenek interes ekonomiko handiak baitituzte. Estatu espainolean  50 milioi edaritarako ontzi ekoizten dira egunero eta horietatik erdia baino gehiago ez da ez birziklatzen ez berrerabiltzen.
Plastikoak naturaren minbizia bihurtu direla argi dago. 

2019/05/03

TXIKIFEST 2019

Datorren maiatzaren 19an "Txikito" jatetxeak antolaturiko txakolinaren festa ospatuko da udaberriari harrera emateko. Aurten jasotako dirua "Esperanza NY" irabazi-asmorik gabeko erakundeari emango diote.
Arratsaldeko 13:00etatik 16:00etara txakolina edateko aukera paregabea giro ezin hobean.

SANTURTZIKO LIBURU AZOKA

Maiatzaren 3tik 12ra Santurtziko parke nagusian egongo da.
Azokako standak goizean 11:00etatik 13:30ak arte egongo dira zabalik eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldean.
Erakusketa eta nobedadeen salmentan liburu eta diskoek %10eko deskontua izango dute. 



Azokako standetan "Euskal emakume poetak" erakusketa izango da ikusgai.
Urtero legez idazleak egongo dira euren liburuak sinatzeko. Bestaldetik,  idazleek hitzaldiak  emango dituzte Dorretxean.




2019/04/22

EUSKALSURF 2019

Apirilean 2019ko euskalsurf egutegiari emango dio hasiera Euskal Herriko Surf Federazioak.


2019/04/18

KORNITE, SANTURTZIKO PAZKOPILA

Kornite erromeria pazko astelehenean egiten da Serantes mendian. Aspaldiko ohiturari jarraituz "Kornite" delako ogi tipikoa prestatzen da egun horretan.
Hiru puntako ogizko opila da, eta ertz bakoitzean arrautza du. Barruan ezkutatuta edo azalean txorizoa.
Garai batean, garizumako ostiraletan txorizorik gabe prestatzen zen baraua errespetatzeko.
Tokiaren arabera hainbat aldaera ditu izenean. Durangaldean eta Busturialdean "mokotza" deitzen diote, Elgetan "garipaua", Debagoienean eta Aramaion "karapaixo", Baztanen eta Bortzirian"amatxi-opila" eta Donoztirin "morrodua".
Erromanizazo aurreko usadioa dela diote batzuek, udaberriaren etorrera ospatzeko. Arrautzak bizitza berriaren ikur izango lirateke. Hiruki forma ematen zaio Hirutasun Santuaren omenez.
Hementxe duzu errezeta datorren astelehenean (apirilak, 22) dastatzeko.




2019/04/13

ASTE SANTUKO EGURALDIA

Azken boladan dena txoratuta dabilenez, eguraldiaren kontua ez da salbuespena izango. Beraz, oporrak gozatu eta gero gerokoak. Eguraldiak zure planak trunkatuz gero, nekeetan, irria ezpainetan.


2019/04/12

RED BULL CLIFF DIVING WORLD SERIES 2019

Apirilaren 13tik aurrera munduko 18 jauzilari onenak berriro arituko dira lehian. 27 metroko altueratik egingo dute jauzi, 90 km/o -ko abiaduran.
XI. denboraldiko ikuskizun honetan 3 geraleku berri egongo dira (Palawan, Dublin eta Beirut).
Hona hemen aurtengo egutegia.









2019/04/09

APIRILAK, 10 - BADATOR KORRIKA

Bihar Santurtzira ailegatuko da korrika gaueko 23:00 inguruetan.
Giroa berotzeko "Gora Herria" erromeria egongo da Gernika parkean arratsaldeko 20:00etan.Txorizoa sagardotan ez da faltako.



2019/03/15

EGIN KLIK KORRIKARI!

21. Korrikako app berriaren eskutik informazio pilo jasoko duzu zure mugikorrean.
Loturak klikatuz gero korrikaren web-gunera joango zara zuzenean. Bertan unitate didaktiko ezberdinak izango dituzu.


2019/03/13

EUSKAL KOSTALDEKO MUSEOEN HILABETEA

Hilabetean zehar 100 ekintza burutuko dira Euskal Herriko itsas bazterreko ondare kultural eta naturala sustatzeko.
Hona hemen Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolaturiko programa. 

                                            


2019/02/24

GARBIGUNE MUGIKORRA


Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturiko ekimen honen bidez birziklapena erraztu eta sustatu nahi da. Horretarako edukiontzi ibiltariak herriz herri joango dira etxeetan sortutako hondakinak jasotzeko asmoz. Astebetez egongo da udalerri bakoitzean.
Saturtziri dagozkion datak eta ordua hauexek dira.