2021/01/09

URTE BERRIA EZIN HOBETO

Egun hauetan telebistari begira gaude ea iragarpenak zer dioen, batik bat errepidera jotzen badugu. Antza ahaztu egin zaigu zer den negua eta zer eraman behar dugun nahitaez kotxeko maleteroan. Bai, badakit fardela dela, baina ezinbesteko tresnak ez eramateak buruhauste handiak sor ditzake. Honela, bada, gurpila, txalekoa, botikina, triangeluak eta katuarekin batera, kateak, pala tolesgarria eta eskuargia eraman behar dira beti. Ez dut inoiz ulertu zer dela eta ez gaude behartuta horiek eramaten maleteroan. 

Horretaz gain, bateria abiagailua, termoa, manta, barra energetikoak, irratia, pilak, mugikor kargadorea eta nola ez gasolina-tanga beteta eramatea oso komenigarria da. Urte askotan egon naiz kotxea gidatzen elurrarekin eta guztiz lagungarria izan da.

Ez utzi dena besteen eskuetan. Gutxien espero duzunean gerta daiteke eta posiblea da inor ez egotea hurbil. Ez baduzu argi ikusten, ez hartu kotxea. Errepide guztietan elurra kentzeko makinak ez direla pasatzen kontutan hartu behar duzu, toki guztietara ailegatzen ez direlako edota ezin dutelako.

Dena den, elurra baino arriskutsuagoa dena izotza da. Errepide eta kaleetako elurra eta izotza kentzeko gatz arrunta (sodio kloruroa) barreiatzen da, baina ezin da bota edozein modutan. Neurri gabeko kantitateetan botaz gero gure ibilgailuen zati metalikoetan ezezik, naturan ere arazo larriak eragin ditzake. Beti bezala merkea dena garesti irteten da.

Kaltzio-magnesio azetatoa eta potasio azetatoa bezalako beste alternatibak badaude, garestiagoak izan arren. 

Baina hori guztia alde batera utzita, ba al da beharrezkoa hainbeste mugimendurik? Lanera doazenak kenduta, besteak zer demontre egiten ari dira? Errepideak garbitu eta ireki behar dira supermerkatuak hornituta egoteko eta beharrezko larrialdi zerbitzuak behar duten tokietara ondo ailegatzeko. Mundu osoan pandemia pairatzen ari garela ahaztu zaie ala? Larrialdi zerbitzuak ez daude txorakietarako. Jolasten dutenak identifikatu behar dira geroago kobratzeko.

Batzuen jolasak ezin dira larrialdiak bihurtu. Bada garaia besteen osasunarekin jolasten ari direnak arretarik ez jasotzeko ospitaleetan. Ezin dute dena blokeatu eta gero jarraitu haien arduragabekeriaz eta berekoikeriaz. 

Urtarrilean baino ez gaude eta aurtengo egutegia botatzeko gogoak.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina