2021/01/25

NATURAREN NAZIOARTEKO KONGRESUA

2020ko ekainerako programatuta zegoen Naturaren Munduko Kongresua, 2021eko irailaren 3tik 11ra bitartean egingo da Marseillan. Printzipioz aurtengo urtarrilean izan behar zen baina  kontrolatu gabeko pandemiak atzeratzera derrigortu du.

1948an sortu zen Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak natura eta gizakien arteko hartu-emana aztertzen du.


Aurtengo XVI. Nazioarteko Foro honetan biodibertsitatearen munduko marko berria ezarri beharko dute. Honetarako erakundea osatzen duten kideen interesez eta aurrera eraman beharreko jarduerez eztabaidatuko dute. Covid 19 pandemiak herrialde guztien agenda markatu du eta giza ongizatea eta ekonomiaren garapena biodibertsitatearen kontserbazioarekin lotuta daudela agerian utzi du.

Premiazko beharrei aurre egin beharko diete adituek gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea arriskuan ez jartzeko.




2021/01/21

ANIZTASUNAREN PARADISUA ZABORTEGIA BIHURTU

Azken elurteetan Urkiola zaborrez bete dela salatu dute parke naturaletik. Horren ondorioz, garbitzen laguntzeko deialdia luzatu dute   ostiralerako eta iganderako.
Urtean zehar kontzientziazio kanpaina ezberdinak burutzen diren arren,  batzuek ez dute ezer errespetatzen.  Etxe oneko jendeak badaki bakoitzaren zarama etxera eraman behar dela. Ez nago edukiontzi batetan uztearen alde, haize dagoenean dena zabaltzen baita.

Azken egunetan elurraz gozatzera joan direnek dena hankaz gora utzi dute. Trineo apurtuak, botilak eta plastikozko poltsak botatzearekin ez dira konformatu. Inolako lotsarik gabe heziak ireki dituzte eskiatzeko eta abereak ihes egitea erraztu dute. 



Hau ez da Astun, parke naturala baino eta aspaldian erabileren eta jardueren kudeaketa-arauak definitu dira. Aisialdirako espazio moduan erabiltzen denean debeku batzuen artean daude, besteak beste, ibilgailuak aparkatzea guneetatik kanpo, parkeko lasaitasuna eta baretasuna etetea musika-tresnekin eta parkeko bidexketatik kanpo ibiltzea. 

Basozainak ezezik,  bideo-zaintza kamerak eta dronak ere behar-beharrezkoak dira, isuna itxurako agur berezia egiteko nazkagarri hauei.

Gure agintariak ez badira gai zakar hauei aurre egiteko, parke naturalak bezalako tokiak itxi beharko dituzte.

2021/01/09

URTE BERRIA EZIN HOBETO

Egun hauetan telebistari begira gaude ea iragarpenak zer dioen, batik bat errepidera jotzen badugu. Antza ahaztu egin zaigu zer den negua eta zer eraman behar dugun nahitaez kotxeko maleteroan. Bai, badakit fardela dela, baina ezinbesteko tresnak ez eramateak buruhauste handiak sor ditzake. Honela, bada, gurpila, txalekoa, botikina, triangeluak eta katuarekin batera, kateak, pala tolesgarria eta eskuargia eraman behar dira beti. Ez dut inoiz ulertu zer dela eta ez gaude behartuta horiek eramaten maleteroan. 

Horretaz gain, bateria abiagailua, termoa, manta, barra energetikoak, irratia, pilak, mugikor kargadorea eta nola ez gasolina-tanga beteta eramatea oso komenigarria da. Urte askotan egon naiz kotxea gidatzen elurrarekin eta guztiz lagungarria izan da.

Ez utzi dena besteen eskuetan. Gutxien espero duzunean gerta daiteke eta posiblea da inor ez egotea hurbil. Ez baduzu argi ikusten, ez hartu kotxea. Errepide guztietan elurra kentzeko makinak ez direla pasatzen kontutan hartu behar duzu, toki guztietara ailegatzen ez direlako edota ezin dutelako.

Dena den, elurra baino arriskutsuagoa dena izotza da. Errepide eta kaleetako elurra eta izotza kentzeko gatz arrunta (sodio kloruroa) barreiatzen da, baina ezin da bota edozein modutan. Neurri gabeko kantitateetan botaz gero gure ibilgailuen zati metalikoetan ezezik, naturan ere arazo larriak eragin ditzake. Beti bezala merkea dena garesti irteten da.

Kaltzio-magnesio azetatoa eta potasio azetatoa bezalako beste alternatibak badaude, garestiagoak izan arren. 

Baina hori guztia alde batera utzita, ba al da beharrezkoa hainbeste mugimendurik? Lanera doazenak kenduta, besteak zer demontre egiten ari dira? Errepideak garbitu eta ireki behar dira supermerkatuak hornituta egoteko eta beharrezko larrialdi zerbitzuak behar duten tokietara ondo ailegatzeko. Mundu osoan pandemia pairatzen ari garela ahaztu zaie ala? Larrialdi zerbitzuak ez daude txorakietarako. Jolasten dutenak identifikatu behar dira geroago kobratzeko.

Batzuen jolasak ezin dira larrialdiak bihurtu. Bada garaia besteen osasunarekin jolasten ari direnak arretarik ez jasotzeko ospitaleetan. Ezin dute dena blokeatu eta gero jarraitu haien arduragabekeriaz eta berekoikeriaz. 

Urtarrilean baino ez gaude eta aurtengo egutegia botatzeko gogoak.



2021/01/05

ALDAKETAK ETORKIZUNARI BEGIRA

Urte berriari pentsamolde berriarekin aurre egin behar diogula argi dago. Gauza asko aldatzeke mantendu dira aspaldian. Neurrigabekeriek faktura pasatu arren batzuei bost axola eta bere horretan jarraitzen dute. Urtean zehar ekologiari eta ingurugiroari buruzko efemeride ezberdinak antolatzen dira gure ingurumenaren zaintzaren garrantziaz  ohartzeko. Haatik, naturaren mezprezuarekin batera mugarik gabeko harrokeria erakusten du gizabanakoak. Gero eta pandemia gehiago izango ditugu eta gizateria arriskuan egongo da berriro. Naturaren osasuna eta gizakiaren osasuna gauza ezberdina dela uste dute ala ?



Hazkunde mugagabeak zentzu guztietan kolapsora eraman gaitu. Planeta osoa behiak trenari begiratzen dioten bezala geratu da.

Bitartean jendeak “normaltasunera” bueltatu nahi duela. Baina zer da normaltasuna ergelen planetan?