2021/02/10

OTSAILAK, 12 - DARWINEN EGUNA

Datorren ostiralean Charles Darwinen jaiotzaren  212. urteurrena (1809-2021) ospatuko da.

Egia esan, bere eboluzioaren teoria bizi-bizirik dago pandemiaren ondorioz. Mende honetan gaixotasun ezberdinak ageri dira (Sars, hegazti gripea, zika, ebola, Mers-Cov edo Ekialde Ertaineko arnas sindromea eta Sars Covid19). Orain dela mendearen hasieran gertaturikoa datorkit burura. Orduan 2000 efektu teoriaren apokalipsiaz kezkatuta geunden. Milaka milioi inbertitu zituzten gobernuek eta enpresek sistema informatikoak ondo funtzionatzeko. Gizabanakoak asmatutako teknologia babestuta zegoen. Gerta litekeen ekonomia krisia konponduta.

Baina osasun krisia gertatzen denean ez dute jokatzen azkar eta arretaz. Gaixotasun berriak etengabe azaldu eta kontrolatzen ez diren gizarte batean bizi gara eta ez du ematen biztanleria dela lehentasuna izan behar duena. 

Historian zehar birusek eragindako pandemiek eragin dute mundua eta izandako hutsegiteaz ez dute ezer ikasi. Osasunean eta zientzian diru gehiago inbertitu beharrean, izugarrizko murrizketak egin dituzte. Lehen sektorea indargabetu da, edozein egitura ekonomikoaren oinarria dela kontutan hartu gabe. Musukoen edo beste osasun materialen beharra izan dugunean, bigarren sektorea falta genuela konturatu gara. 

Benetako eboluzioa izan dugu pandemia honi eta etorriko diren beste batzuei aurre egiteko?

2021/02/09

OTSAILAK, 10 - LEKALEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Nazio Batuek 2016an Lekaleen Nazioarteko urtea izendatu zuenetik elikagai honek aldaketak izan ditu bere kontsumoan. Garai guztietan kontsumitu arren, maiztasuna beti ez da berdina izan. 2016an egindako sentsibilizazio kanpainari esker bere kontsumoa handitu zen eta 2019an lekaleen nazioarteko eguna ezarri zen.

Lekaleek onura nutrizional handiak dituzte eta astean bizpalau aldiz artean jatea gomendatzen dute adituek. 



Gaur egungo bizi-erritmoak agintzen du eta aiton-amonen etxean ez bada oso gutxitan kontsumitzen da. Modu tradizionalean jan beharrean kontserbatu edo aurrez prestatutako janaria erabiltzen da denbora faltagatik.

Hainbeste gauza egin beharko ziren su txikian ….

Baina, tira bada, bihar koilara plater gozoa prestatzeko egun aproposa.

2021/02/04

ECOEMBES ETA HONDAKINEI BURUZKO LEGEAREN AURREPROIEKTUA

 Talking Trash" eta “Ecoembes Miente” txostenek mesfidantza sortzen lortu dute. Ecoembesek emandako datuak aspaldian zalantzan jarri dira. Estatuan ezarritako eredua ez da eraginkorra ikuskatzerik ez dagoelako enpresa bera epaile eta partaide izatean. 

Munduko enpresarik kutsatzaileen lobby eta greenwashing praktikak salatu da Changing Markets erakundeak egindako txostenean. Estatua ingurumeneko arau-hausteetan liderra da Europan eta hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko legearen aurreproiektuak ez du inolako faborerik egiten bi artikuluei esker. Alde batetik, informazioa eskuratzea eta parte hartzea hondakinen arloan (10. art.) eta, beste aldetik, konfidentzialtasuna (38. art.) oztopoak baino ez dira eta gardentasun falta errazten dute. 

Aurreproiektua Europako helburuetara ailegatzeko ez da baliogarria arazoa sortzen dutenekin onbera delako.

Etxeko hondakinen kudeaketa porrot egin duela nabarmentzen dute txostenek.

Aurreproiektuak beste irakurketa merezi du, dauden hutsegiteak konpontzeko. Erabilera bakarreko plastikoen debekua ez da nahiko. Aintzinetako modura bueltatu beharra dago, gaur egun “retorna” sistema (SDDR) delakoa. Ontziratu gabeko dendak behar ditugu plastiko hondakinak murrizteko. Ekoizleak dira naturgunean eta hondartzetan aurkitutako plastikoen kostua ordaindu behar dutenak eta ez udalek, herritarren zergen bidez. Bada garaia plastikoen negozioarekin amaitzeko.

2021/02/01

OTSAILAK, 2 - HEZEGUNEEN MUNDU EGUNA

Otsailaren 2an Hezeguneen Mundu Eguna ospatuko da Iraneko Ramsar Hirian. “Hezeguneak eta ura” lemapean hezeguneak klima aldaketaren eraginei aurre egiteko dituzten ezaugarriak azpimarratzea da helburu. 

Hezeguneek modu naturalean karbonoa xurgatu eta biltzen dute. Baina hori ezezik, uholdeak baretzeko eta lehorteak samurtzeko ere baliogarriak dira. 

Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneen Zerrendaren barruan badaude 171 herrialdeko  2.414 hezeguneak. Horietatik  Euskadik sei hezegune ditu: Urdaibai, Txingudi, Guardiako aintzirak, Uribarri Ganboako urtegiko kolak, Salburua eta AƱanako Gatzaga-Caicedoko aintzira.

Praktikan zerrenda honetan agertzea paper errea da, kontserbaziorako konpromezua ez baita handitu. Gaur egun hezeguneen benetako arriskua uraren kudeaketa txarraren ondorioa da. Administrazioaren inplikazio handiagoa behar beharrezkoa da.