2016/11/18

BILBOKO ITSASADARRA ITSAS MUSEOAREN 13. URTEMUGA

Datorren igandean, azaroaren 20an, Museoak bere ateak zabalduko ditu doan bisita egiteko. 
Erakusketa iraunkorra ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu eguerdiko 12:00etan euskaraz eta arratsaldeko 18:00etan gaztelaniaz. Bisita hauek ordubeteko iraupena izango dute eta publiko guztiei zuzenduta egongo dira.
Txikientzako 81 minutuko iraupena duen "El techo del mundo" pelikula eskainiko da goizeko 11:30etan eta arratsaldeko 17:30etan 4 €-ren truke.                         


2016/11/05

AZAROAK, 19 - SANEAMENDUAREN EDO KOMUNAREN MUNDUKO EGUNA



Hondakin uren arazketaren garrantziari eta saneamendu sistemen erabilera egokiagoa egiteko praktika onei buruz sentsibilizatu du helburu.
Gezurra diruedien arren, munduko biztanleriaren erdia komunik eta saneamendu egokirik gabe bizi den bitartean, beste erdiak erabilera txarra egiten du. 
Nahiz eta urtero kanpaina ezberdinak burutzen diren gizartea kontzientziatzeko, batzuek zakarrontzia bezala erabiltzen dute, ingurugiroan kalte larriak sortzen dituelarik.
Komunetik bota behar ez diren produktuen zerrenda ez da hain luzea (etxeko olioa, botikak, kosmetikoak, paper-zapi hezeak, kotoia, janari hondakinak,drogak...). Zera, kontzientzia baino ardura behar-beharrezkoa da.
Ganorabako horien erruz sare publikoen mantentze eta garniketaren kostuak gora egiten dituzte.


                   

2016/10/21

ORIONIDAK IKUSGAI

Oriongo konstelazioaren norabidean ikus daitezkeen meteoroak dira. Urriaren 2tik azaroaren 7 rarte ikusgai egongo diren arren, urriaren 21ean izango da egun  aproposa Orioniden meteoroen izar-jauzi hau ikusteko. Larunbatetik iganderako goizaldera 23 meteoro orduko eta 66 km/s. Nahiz eta munduko edozein tokitik ikusteko aukera izan, argi dago baldintza batzuk kontutan izan behar ditugula. Zerua oskarbi egoteaz gain, ezinbestekoa da argi kutsadurarik gabeko toki batetan egotea ikusgarriagoa izateko asmotan.




Baina, ezagutzen al duzue Orionen kondaira?
Orion Poseidonen (itsasoaren jainkoa) eta Gearen (Lurraren jainkosa) semea zen. Hainbeste hazi zen, erraldoia ematen zuela. Oso indartsu eta ausarta zenez, ehizan paregabea zen, eta edozein piztia, beldurgarria izan arren, abakabatzen zuen. Haatik, denbora pasa ahala harrotuz joan zen, eta behin eskorpioi bat bidali zioten zigor moduan. Berak, harro-harro eginda, etsai txikiaz barre egin zuen. Orduan eskorpioiak ziztatu egin zion bere pozoia oin batean. Handik gutxira, Orion hiltzear zegoen, baina bera bezalako pertsonaia garrantzitsuak horrelako heriotza merezi ez zuenez, jainkoen jainkoari (Zeus) arren eskatu zion:


    - Mesedez, hil ondoren, jar nazazu zeruan, nire bi zakurren ondoan (Canis maior eta Canis minor). Hemendik aurrera, edonor zerura begira egonez gero, ehiztari ausarta eta kementsua izan naizela ikus dezan.

Era berean, ekaitza, izotz eta haizeen jabea izatea ere erregutu zion. Zeusek azken nahia onartu zion Orioni. Hori dela eta, Orion konstelazioa neguan ikus daiteke ipar hemisferioan.


2016/10/14

"EUSKAL DIASPORAREN ARGITALPENAK" ERAKUSKETA

XIX. mende amaieratik aurrera erbesteko euskal komunitateetan argitaraturiko agerkari sorta ikusgai egongo da Bizkaiko Foru Aldundian urriaren 31eraino.


Ordutegia: 10:30 - 14:30 eta 16:30 - 19:30 (astelehenetik ostiralera)
                  10:30 - 13:00 (larunbatetan)
Non: BFA (Foru Liburutegia Areto Nagusia 2. solairua)



2016/10/01

AZTERKOSTAREN URTEBETETZEA

1992. urtean martxan jarri zen Azterkosta kanpaina, Europako Ingurumen Hezkuntzako programaren barruan. Bere helburua
Euskal Herriko kostaldearen eta ibaien berezitasunak eta arriskuak ezagutzera ematea. Bere lana aurrera eramateko gizartearen kolektibo ezberdinetara jotzen du natura-ingurunea hobeto ezagutzera emateko, zeren kontserbatzeko eta hobetzeko modu bakarra baita.

2016/09/18

IRAILAK, 18 - MAHATS BILKETAREN FESTA

Gaur Arabako Errioxako mahats-bilketaren XXIII. festa izango da Samaniegon. Atzo ardo-lehiaketaren  sari banaketa izan zen.
Hementxe dituzue egitaraua eta ibilbidea.



  

2016/06/15

EKAINAK, 23 - SORGINEN GAUA

Baldin badago gau magikoa Euskal Herrian, San Juan edo sorginen gaua baino ez da. Aspalditik dugun usadio hau ekainaren 23an gertatzen da udako solztizioa ospatzeko.
Gure arbasoengandik heredaturiko erritualak edo jentil ohiturak mantentzen ditugu.
Udako festa denez, sua eta ura dira bi elementu nagusienak.
Suak eguzkia irudikatzen du eta propietate purifikatzaileak ditu. 
Suaren gainetik, gutxienez,
hiru aldiz jauzi egin behar da urte ona izateko. Legendaren arabera, errautsak azaleko gaixotasunak sendatzen  ditu. Beste batzuek etxera eramaten dituzte su berria egiteko edo uzta babesteko.
Gauean badago beste ohitura, baina oraingoan urarekin erlazionaturik. Itsasoan biluzik,  bederatzi olatu saltu eginez bizkarra emanda eta ilargiari begira sartzen denak gauza haundiak egiteko aukera izaten du.
San Juan goizeko urak propietate magikoak ditu. Egunsentian, belar ihintzietan oinutsik ibiliz gero, hazteria eta beste azaleko gaixotasunak sendatzen ditu. Mendietako iturrietako ura ezin hobea da begizkoa uxatzeko. 
Ekainaren 24an goiz jaikitzen denak, urte osoan ez duela logurarik izango diote.
San Juan egunarekin erlazionaturiko atsotitzak:
  • Donianeko euria gariaren galgarria.
  • Egunik luzeena San Juanena, gaurik luzeena Santa Luziarena.
  • Eguzkiak San Joanetan dantza.
  • Gaur da San Juan, bihar juan zan.
  • Gaur dala, bihar dala, Doniane etzi, San Joan biharamunean.
  • Iduzkia Donianetan zeru goian dantzari.
  • Jondane Johanez kükü, Jondane Petiriz mütü.
  • Jondoanez belea gorde eta Jondore Petiriz bildotsa.
  • Jondone Baladi, gutaz urrikal hadi.
  • Jondoni Joaneren euriak ogia itotzen eta arnoa urtzen.
  • Jondoni Joaneko euria, ogien galgarria.
  • San Joan bezpera, sarna fuera.Ogi eta ardoa etxera. Atso zaharra gangelpera. Neskatxa guztiak txokolate hartzera.
  • San Juoan eguna goizetik iluna.
  • San Joan eguna, argitu orduko iluna.
  • San Joan euri gabie, urtea ogi gabie.
  • San Joan euritsu, urtea ogitsu.
  • San Joan, artoa eta ogia kanpoan.
  • San Joan, nekez etorri eta azkar joan.
  • San Joan, nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan., beste bi gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre!
  • San Joanek esku batean suba eta bestean uda.
  • San Juan egunak, ostirala harrapatzen duen urtea urte gaztigatua.
  • San Juan eta barikua, saldu idi zurixa eta ekarri artua.
  • San Juan goizeko inontzagaz hankak busti ezkero, gatxak kendu.
  • San Juan larraka (eguraldi txarra), urte guziko marraka.
  • San Juan su, bazter guztiak mamitsu.
  • San Juan, biba San Juan! Artuek eta garixek gora!
  • San Juan, jan-edanak juan.
  • San Juan, zelan etorria, halan juan.
  • San Juanetako artoak behar du belea tapatu.
  • San Juanetako euriak kentan dei ogi eta ez dei emoiten ardau.
  • San Juanetako euriak, ez ardo, ez ogi, ez haragi.
  • San Juanetan euri garoa.
  • San Juanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak.
  • San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu.
  • San Juanetan sagartzeari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko sagar.
  • Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan.
  • Udara, San Juanetatik San Pedroetara.

2016/06/06

EKAINAK, 8 - OZEANOEN NAZIOARTEKO EGUNA

Egun aproposa hondartza baten garbiketa egiteko, batik bat kontutan hartzen badugu oporrak bueltan dagozela eta behin baino gehiagotan hondartzara joango garela. Ahaztu gabe, ozeanoa den hozkailutik hartzen dugula beharrezkoa. Honela, bada, gure ozeanoak garbi mantentzea ezinbestekoa da. Haatik, urtero, akaso  neurona bat duten batzuei, gogoratu behar zaie. 


 
 

Animatu bazara garbiketa egiteko, hauexek dira eman beharreko pausuak:
  1. Hondartza aukeratu baino lehen bere udalarekin jarri harremanetan garbiketa egiteko baimenaren bat beharrezkoa den jakiteko asmoz. 
  2. Ocean initiatives webgunean sartu garbiketa ekintza antolatu nahi duzula komentatuz. 
  3. Surfriderrek bidaliko dizu garbiketarako behar duzun material guztia.
  4. Balantze-orria bete. Hementxe duzu nola bete.
  5. Antolatzailearen gida eskuratu pausu guztietan laguntzeko.

2016/06/04

EKAINAK, 5 - INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA

Aurten espezie basatien legez kanpoko trafikoan eta merkataritzan sentsibilizatzea du helburu.
Urtero 30.000 elefanteen sarraskia gertatzen da, marfilezko letaginen trafikoaren ondorioz. Tamalez, ez da ezpezie bakarra. Iberiar Penintsula leku ezin egokiagoa da jarduera deliktibo honi ekiditeko.



2016/05/19

INGURUMENAREN JUSTIZIAREN MAPA

Mapa honetan munduko ingurumen gatazka guztiak agertzen dira. Bertan ingurumenaren injustizia ezberdinen berri eman dezakegu edo www.eeb.org gunera jo.


2016/04/28

TXIKIFEST 2016



"Txikito" jatetxeak antolaturiko txakolinaren azoka ospatuko da New York-eko Chelsea auzoan (240 Ninth Avenue). Datorren Maiatzaren 15ean, eguerdiko 13:00etatik arratsaldeko 16:00etara, Txikifest jaiaren 6. edizioa izango da. Beti bezala, kalitatezko jakiak ez dira faltako. Beste guztietan legez, Txikifestak jasotako dirua jarduera solidario baten aldera joango da. Aurten "Hot Bread Kitchen" irabazi-asmorik gabeko erakundeari emango diote.



                   

2016/04/19

APIRILAK, 22 - LURRAREN NAZIOARTEKO EGUNA

"Zuhaitzak lurrerako" aurtengo leloa.
Baliteke goiburuak aldatzea, baina ez du ematen 1970tik gaurdaino gure Amalurrak dituen beharrak aldatu direnik.
Gainerako kanpainetan bezala herritarren ingurumenarekiko sentsibilizazioa ezinbestekoa da.
2016-2020 bitartean 7,8 bilioi zuhaitz landatu nahi dituzte Lurraren Nazioarteko egunaren 50. urteurrena ospatzeko asmotan.


Zuhaitzek gure planetarekiko duten garrantzia nabarmena da.
Aldaketa klimatikoa ekiditeko eta aire garbia asnartzeko aukera emateaz gain, espezie ezberdinen galera saihesten du. Baita komunitate ezberdinetan ingurumen iraunkortasuna eta ekonomikoa lortzen laguntzen du ere, biziraupenarako beharrezkoak diren elikagaiez, energiaz eta diru sarrerez hornituz.




          
          Lurrak zeruan idazten dituen poemak dira zuhaitzak.
          Lurrera bota eta papera bihurtzen dugu,
          gure barruko hutsunea adierazten duelarik.
                                              Khalil Gibran

2016/04/12

APIRILAK, 23 - SAN JORGE ETA ZUHAITZEN NAZIOARTEKO EGUNA


Egun honetan liburuaren eguna ospatzea normala den arren, ez da hainbeste liburutegi gehienetan liburu-ale batzuk oparitzea. Aproposagoa izango zen e-pub liburu digitalen kopurua handitzea.
Batik bat kontutan hartzen badugu oparitutako gehienak zakarrontzira, eta ez paperontzira, joango direla. 

2016/04/05

APIRILAK, 7 - OSASUNAREN MUNDUKO EGUNA: DIABETESA

Hurrengo apirilaren 7an osasunaren nazioarteko eguna dela eta diabetesa izango da ardatz nagusia. Munduko Osasun Erakundearen arabera 2030. urtean gaixotasun hau izango da heriotzaren zazpigarren arrazoia.
Diabetesa duten pertsonei arreta hobetzearekin batera, adituek prebentzioa nabarmentzen jarraitzen dute.


Urtearen hasieran  diabetesa zaintzeko gida bat argitaratu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak.

Bestaldetik, ikertzaile frantsesak diabeloop pankrea artifiziala garatzen ari dira, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. 
Glukometro hori eta partxe bezalako intsulina bonba txiki hori konektatuta daude smartphone batetara bluetoothen bidez.
Nazioarte mailan antzeko proiektuak martxan egon arren, urruneko zerbitzua eskaintzen du eta pazientearen monitorizazioa 24 orduetan.
Europan milioi batetik gora pertsonak hartu behar dute intsulina egunero. Beste alternatiba transplantea da eta konplikazio handiak baino ez ditu eragiten. 2011an hasi zen proiektuak ematen du 2017rako prest egongo dela komerzializatzeko. Nahiz eta gizakiekin egindako saiakerak arrakastatsuak izan diren, jarraitzen dute testak egiten.

2016/02/23

ARROILA HANDIKO PARKE NAZIONALA

Ehiztari-biltzaileak ziren lehenengo tribuak. Geroago, Anasaziak, Cohoninak, Cerbatak, Hualapaiak, Havasupaiak, Paiuteak eta Navajoak etorri ziren.  Europarrak 1540an egon ziren lehenengo aldiz
1848ko aldean baliogabekoa eta onuragabekoa zen lurralde hau batzuen esanetan. 
Baina 1869an eta 1871ean  kartografiatu zuen lehen aldiz John Wesley Powellek.  
1908ko urtarrilaren 11an monumentu Nazionala bihurtu zen eta 
1919ko otsailaren 26an Parke Nazionala. Azken honi esker, Arroila Handiko Parke Nazionalaren barruan urtegien eraikuntzari uko egin zioten. 
1979an Gizateriaren Ondare izendatu zuen Uneskok.
Arroila Handiak 446 kilometroko  luzera duen tarte honetan izugarrizko bidaia geologikoaz goza dezakegu. Berrogei harri-geruza ezberdin identifikatu dira. Leizez eta tunelez beteta, 100 ur-zarrata baino gehiago. Deskribapenetan luza gaitezke, baina alferrik. Ezinezkoa da deskribatzea hitzen bidez. Handitasun horrek isiltasunaren beharra du.



Lakoten kondairaren arabera badago "edertasunean ibiltzeko" bizimodua. Haien ustez, Lurra (fisikoa) eta Zerua (espiritua) bat datozenean  baino ez da posible.
"Orain dela denbora luzea buruzagi indio garrantzitsua eta jakintsua negarrez eta burua makur zebilen bere emaztearen heriotzaren ondorioz. Baina egunen baten, Tavwoats, jainko indioren bat agertu zitzaion eta bere emaztea toki zoriontsuan bizi zela esan zion. Horretarako lagundu egin zion bidaia egiten berez ziurtatzeko. Jarri zion baldintza bakarra bueltatzean negar egiteari uztea zen. Zin egin ondoren, mendietan zehar bideari eman zioten, lur ederra eta basamortua elkartzen zena. Bide hori Koloradoko Arroila Handia baino ez zen. Zeharkatu eta bueltatzerakoan jainkoak zineztarazi egin zion inori ez kontatzeko. Gero haizpitartetik korronte handiko ibaia bultzatu zuen bertan sartzen ausartzen zena ito egin zenaren itxaropenarekin."



2016/02/17

EUSKARAREN ALDEKO AZKEN KANPAINA

Jendea euskaraz berba egiteko gonbidapena luzatzen da. Kanpaina honetan "eman hegoak euskarari" leloa aukeratu da eta, honekin batera, txantxangorriaren irudia euskararen sinbolo moduan.
"Euskara, Euskal Herria, agian, zaharregia, txikiegia dela gaur egungo garaietarako, baina azken finean, euskaldunok munduari begiratzeko modu jakin bat eskeintzen dugu, bizitzeko eta sentitzeko modu bat."
Aspaldian daramagu hitz politak baino hitz diplomatikoak erabiliz (borondatea, nahia, gogoa ...). Bada garaia bakoitzak berea jasotzeko, bizikidetzaren eta berdintasunaren izenean, eta hori ez da lortzen gutxi hitz egiten den tokietan trilinguismo delako hori bultzatzen bada. Betidanik irakatsi didate familiak babestu behar duela aukera gutxiago duen seme-alaba. Ez ordea, beste bat izatea, zeren, holan, ezberdintasunak areagotzen baitira. 
Txantxangorria bezala, euskaldunok gure lurraldearen zaindari amorratuak izan gara betidanik. Itxuraz, txikia, polita, ahula iruditu arren ez da inoren beldur eta badaki bere lurraldearen mugak zaintzen, izaera maitagarri hori galdu gabe.
Inoiz baino gehiago euskara behar beharrezkoa da gaur egungo garaietarako.