2013/02/03

GOAZEN BEDEINKATZERA

Goazen bedeinkatzera, baino lehenago hasi prestatzen San Blas opilak, ohiturak agintzen duen legez.
Hona hemen errezeta erraza lau opil egiteko.

Osagaiak

  • Galirina 600 gr.
  • Azukrea 250 gr.
  • 4 arrautz (baten zuringoa aparte laga)
  • "Royal" sobre bat
  • Txerri gantza 125 gr. (+15 gr.)
  • Anis esentzia (tubo baten erdia)
  • Glas azukrea 125 gr.
Nola egin
Bol baten arrautzak ipini, irabiatu, azukrea gehitu eta irabiatzen jarraitu dena ondo nahastuta egon arte. Beste bol baten irina eta "Royal"a nahasi. Beste bolekoa, anis esentzia eta txerri gantza gehitu eta nahastu. Ondo nahastuta dagoenean, mahai gainera atera eta oratzen hasi. Mahaian eta eskuetan itsasten ez denean, listo. Bol baten sartu, estali eta ordu erdi inguru bat laga. 

Labea berotzen ipini 130º. Orea boletik atera, lau zatitan moztu, forma emon eta erretiluan ipini. Labea berotuta dagoenean, erretilua sartu eta tenperatura 170º igo. 20-25 minututan eginda daude.

Labean dauden bitartean gaineko zuria prestatu. Horretarako, lehen aparte laga dugun zuringoa bol baten ipini eta irabiatzen hasi, kolorea hartzen duenean azukrea gehitzen joan, "tente" egon arte. Barilak altxatzerakoan zuria ez bada erortzen prest dago.

Orea labetik atera bezain pronto, espatula batekin zuria eman. Modu honetan zuria gogortzen da.

Ez pentsa amaitu denik. Orain garrantzitsuena falta da. TRADIZIOA. Opilak, paper zuri baten batuta eramaten dira Eleizara bedeinkatzeko asmoz. Zer esanik ez, pakete hori kordoi batekin lotuta eramaten dela. 
Bedeinkatu ondoren kordoi hori saman lotzen da. Bederatzi egunetan eraman ondoren, erre egiten da. Antza, horrek eztarriko gaixotasunetatik babestu egiten du. Urtean zehar ez da katarro, angina eta halakorik harrapatuko. 

Tira, bada,  ez du ezer kostetan eta Agate Deuna abesteko kalez kale ondo datorkigu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina