2012/03/31

2012 - PLANETAREN ORDUA




Gaur, miloika eta miloika pertsonek amatatu egingo dute argia, eta zuk? Arratsaldeko 20:30etatik gaueko 21:30etara. Hau nahikoa ez dela bistakoa da, baina planetaren aldeko keinuak behar dira, merezi baitu. Anima zaitez!

2012/03/30

BADATOZ OPORRALDIAK

Gaur egun jende mordo doa oporretan eta horrek kaltetu egiten du gure ingurune naturala. Oporraldi ekologikoagoak gozatzeko asmotan hementxe duzue internetean aurkituriko bideo polita. Ezagutu turismo jendetsuaren eraginak eta ingurumena zaintzeko proposamenei erreparatu.



Eta orain GALDERAK

Ikaslearen koadernoa
Ikaslearen galderak


2012/03/29

DURANGO, ISILDUTAKO BONBARDAKETA

1937ko martxoaren 31n Europako populazio zibilaren aurkako lehen aire bonbardaketa sistematikoa jasan zuen Durangok. Gertakizun haren lekukoen testigantzak, filmoteketako irudiak, bonbardaketaren ondorioen irudikapena... biltzen ditu dokumental honek.
 
Beranduago, 1937ko apirilaren 26an Gernikakoa izan zen, baina Picasso koadroari esker mundu osoan eman zen ezagutzera. Besteak  bonbardaketa isildutakoak izan dira. Bai, ez ahaztu, Bizkaiko beste 27 udalerri bonbardeatuak izan zirela (Santurtzi, Portugalete, Sestao, Bilbo, Larrabetzu, Elorrio, Ugao, Mungia, Munitibar, Galdakao, Zeberio, Getxo, Leioa, Berango, Erandio, Alonsotegi, Zornotza, Otxandio, Markina, AbadiƱo, Arratzua, Errigoiti, Arteaga, Turtzioz eta Apatamonasterio).




MARTXOAK, 29: TIGREAK - LEHOIAK



2 - 4




2012/03/28

BALEAK, BALEAK,...

Oso noizean behin bale baten berri izaten dugu. Tamalez, atzo bezalakoa. Elantxoben 14 metrotako luzera duen hildako balea agertu zen. Ipar bale espeziekoa dela diote seguruenik. 






Euskal balea (Eubalaena glacialis) eta Ipar Balea (Balaena mysticetus). Azkena euskal balea baino handiagoa da, bai gorputzez eta baita bizarren neurriz ere.






Ambar-ek (faunaren ikerketa eta babeserako elkartea) beharrezkoak diren probak egingo ditu. 
Udalak lehen bait lehen atera nahi du uretatik, barnean dituen gasengatik eztanda egitea posible baita.
Garai batean gure kostaldea aberastu zuen animalia...
ENTZUN EUREN ABESTI MAITAGARRIAK:

                                                                  




2012/03/22

MARTXOAK, 22 - URA

Gaur uraren nazioarteko eguna da. 1992an egin zen lehen aldiz, Brasilgo Rio de Janeiro hirian egindako hitzaldi baten ostean. 
Hain funtsezko eta preziatua den baliabidea. Toki batzuetan naturala eta berriztagarria den bitartean, beste lekuetan urrea bezalakoa da, eskasa delako oso.          

URAREN ZIKLOA 





URAREN IBILBIDEA IKERTZEN



2012/03/21

SANTURTZI GERO ETA ORLEGIAGOA

Santurtziko udalak "Orlegitu zaitez" kanpainaren bidez ekologiaren aldeko keinua egin nahi dio adin gutxiko jendeari. Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera egin duela esan beharra dago. 
Gehiagorik enroilatu gabe, hementxe dituzu probetxagarriak diren gomendioak.
Ba al zenekien zeure etxean egiten duzun keinu txiki bakoitzaz Ingurumenari lagundu diezaiokezula eta, gainera, zeure gastu energetikoan aurreztu? Santurtziko Udaletik, keinu edo ekintza horiek zeure eguneroko bizimoduan txertatzera animatu nahi zaitugu; era horretan, zeure inguruneari lagunduko diozu, eta Santurtzi apur bat iraunkorragoa izango da.


1.  BIRZIKLATU
Ondo baino hobeto dakizu, nonbait, edozein hondakin edukiontzietan birzikla dezakezula. Gogoratzen dizugu edukiontzi urdina paper eta kartoiarentzat dela; horia, plastiko eta ontzientzat; berdea, forma biribilekoa, beira botatzeko; eta laranja, olioarentzat. Gainera, baduzu edukiontzi bat ehunezko materialerako eta bigarren bizia eman ahal zaien beste tresna batzuetarako. Gogoratu eta erabil itzazu!
BIRZIKLAPENAREN GARRANTZIA: Beira birziklatzean, % 90 energia aurrezten dugu.Birziklatzen den tona bakoitzeko, 1,2 tona aurrezten dira lehengai berritan. Nolabait azaltzeko:birziklatzen ditugun 3 botila beira bakoitzeko, kilo bat zabor saihesten da eta airearen kutsadura murrizten dugu nabarmenki, beraren prozesaketa saihestuz.
Gainera, paperetik birziklatzen den tona bakoitzeko, 17 zuhaitz salbatzen dira. Santurtzin, ia 15.000 tona paper eta kartoi batzen dira urtero, hau da, 25.500 zuhaitz inguru salbatzen dira horri esker. Jarrai dezagun birziklatzen. Ez da ezer kostatzen!
Plastikoen kasuan, arreta berazia jarri behar dugu, zeren hondakin horigehien kutsatzen dutenetako bat baita. Plastikozko botila batek 300 urteinguru behar ditu biodegradatzeko; beraz, hobe da hori gertatu arte ez itxarotea eta edukiontzi horia erabiltzea. Ez duzu uste, ala?

2. BERRERABILI
Berrerabiltzea garrantzitsua da, bai ingurumenagatik eta bai ingurune iraunkorrago eta ekologikoagoaren alde dakarren jarrera aldaketagatik.
Badugu ohitura gauzak botatzeko, oraindik ere erabilgarriak direnean. Guztion artean, jokabide hori aldatu behar dugu, ahal den neurrian hondakin gutxiago sortzeko.
Nola berrerabili gauzak? Etxean ohituta gaude arropa zaharra traputarako berrerabiltzera, edo erosketaren poltsak zabor-poltsak bezala; bada, modu berean, badira hainbat eta hainbat ideia, gehiago erabiltzen ez ditugun baina oraindik ere ondo dauden gauzei bestelako erabilera bat emateko. Interneten gomendio ugari aurki ditzakegu hainbat objektu berrerabiltzeko; adibidez: freskagarrien latak arkatzak gordetzeko ontzi bezala, ur botilak lorontzi bezala… Horren muga gure irudimenean dago, eta etxean haurrak baldin baditugu, une dibertigarri eta hezitzaileak segurtatuko ditugu.

   3. ZEURE GASTU ENERGETIKOA MURRIZTU
Gastu energetikoa guretako bakoitzak egiten duen lehengai-kontsumoa da (ura, argia, gasa, energia). Badira hamaika keinu txiki, lagungarri gertatzen zaizkigunak kontsumo hori murrizteko eta, ondorioz, dirua aurrezteko urtearen buruan. Keinu horietako asko errazak eta zentzu komunekoak dira,
baina, agian horregatik, batzuetan ez diegu ematen benetan duten garrantzia, eta ez gara konturatzen gure poltsikoan izan dezaketen inpaktuaz.
Jarraian, horietako batzuk gogoratu dizkizugu, praxira eraman ditzazun oraindik ere ez baduzu egin.
•    Piztu argia hori beharrezkoa denean soilik, eta itzal ezazu gelatik irteten zarenean. Gogoratu kontsumo txikiko bonbilak erabiltzeak % 15 murriztu dezakeela faktura.
Hozkailua ireki baino lehen, erabaki ezazu zer atera behar duzun; era horretan, hotza mantenduko du.
Aire girotua modu neurritsuan erabili, bai autoan eta bai etxean.
•    Neguan, erosoa den arropa beroa erabili etxean egoteko. kalefakzioa aurreztuko duzu.
•    Telebistak, DVD aparatuak edo musikakateak badute atseden-sistema, erabiltzen ez direnerako. Egun batzuk erabili gabe egon behar badira, gogora ezazu aparatu horiek deskonektatzen.
•    Janaria prestatzean, plaka elektrikoetan eta bitrozeramiketan geratzen den hondar-beroa erabili. Itzaltzen direnean, beroa gordetzen dute minutu batzuez. Aprobetxa ezazu!
•    Zeure ibilgailu motorduna gidatzen duzunean, modu leunean eta poliki-poliki azeleratu, eta saia zaitez motorra gehiegi ez biratzen.
•    Platerak garbitzean, itxi txorrota ura erabiltzen ez duzuenean, eta gauza bera egin dutxan xaboia ematen duzuenean edo hortzak garbitzean.
•    Txorrotak 15 litro inguru gastatzen ditu minutuan. “Perlizadoreak” erraz instalatzen dira eta kontsumoa murrizten dute: 4-8 litro gutxiago minutuan.
•    Ez erabili WCa paperontzi moduan, eta gogoratu: zisternan urez betetako botila bat sartzen baduzu, ura aurreztuko duzu deskarga bakoitzean.
Baxera-garbigailua beteta dagoenean soilik erabili.
Ihesak kontrolatu. Ez erabili ura hiru orduz; gero, kontagailuari begiratu, eta mugitu egin bada horrek esan nahi du ihes bat dagoela eta zure ur-konpainiarekin hitz egin beharko duzula.
Ikusiko duzunez, badira zeure kontsumo energetikoa murrizten laguntzen dizuten keinu txiki ugari. Zure poltsikoagatik eta Santurtziren iraunkortasunagatik, anima zaitez eta praxira eraman.


GUZTIAK DU BERE LEKUA BIRZIKLAPENERAKO. HORRI BURUZKO ZALANTZARIZ IZANEZ GERO, LOS HOYOS BIDEKO (KABIEZES) GARBIKUNEAK ERA GUZTIETAKO HONDAKINAK JASOTZEN DITU (bateriak, pneumatikoak, etxetresna elektrikoak, tinta-kartutxoak, fluoreszenteak, bonbilak, altzariak, eta abar…).

BASOAK

Ihitza aldizkariaren 35. zenbakian gure basoei buruzko informazio dezente agertzen da zuhaitzaren egunean lantzeko asmotan. Hementxe duzue zeozer lanean hasteko.

  • 2011 - Basoen nazioarteko urtea. 
  • "Ecosia" bilatzaile ekologikoa.
  • Ramsarreko Hitzarmenak 40 urte bete ditu.
  • Zein eginkizun dute basoek?
  • Basoko biztanleak eta euren beharrak. Zergatik mirestu eta zaindu egin behar?
  • Mintegia: landare-ontziak prestatu, haziak bildu, erein, ureztatu, behatu eta aldatu (beharrezkoa izanez gero).

MARTXOAK, 21 - ZUHAITZAREN EGUNA


ONGI ETORRI, Udaberri. Beste modutan ez zegoen modurik. Gaur apainduko ditugu gure txoko guztiak. 
Hasi gaitezen, bada, zuhaitzak landatzen. Baina, nola?
ARBOLA SAKRATUAK,
TINKO DIRAU,
SUSTRAIAK SENDO ETA
HOSTOAK ASKE.

NOLA LANDATU ZUHAITZ BAT
Hementxe dituzu jarraitu behar diren pausuak. Dena den, zeozer egin baino lehen komenigarria da urrezko araua ezagutzea. Eta zein da? Zuhaitz bat erosi aurretik, jakin behar da zein tamaina hartuko duen erabat garatuta dagoenean. Bestalde, kalkulatu behar da zein itzal emango duen hazten denean eta zenbat urte biziko den ere jakin behar da.
Prest al zaude? Tira, bada, apuntatu ondo.
  • Etxe ondoan zuhaitz txikiak landatu. Hegoaldeko fatxadan hosto galkorrak dituztenak aldatu (udan eguzkitik babesteko eta neguan itzal gehiegi ez emateko). Itxitura edo pantaila bat lortu nahi bada, urte osoan hosto berdeak izango dituen zuhaitza aukeratu.
  • Lorontzietan urte osoan alda daitezke zuhaitzak, izozten duenean izan ezik. Sustraiak ondo bota dituela ziurtatu behar da.
  • Lorategian eta, zuloak egin behar dira landatu baino hilabete lehenago (zabaleran eta sakoneran sustraiak baino 10 zm. gehiago ireki). Euria egin ondoren egunetan zulotik ura ez bada desagertzen, seinalea da ez duela ondo drainatzen. Beraz, ttonttor baten gainean aldatu.
  • Saiatu zuhaitzaren lepoa ez lurperatzen. Bete zuloa lurrez, ongarritu eta beldurrik gabe ureztatu.
  • Sartu makila bat zuloan, haizeak jotzen duen aldean, zuhaitza tente egon dadin. Enborrari kalterik ez egiteko, bildu apar-gomarekin edo oihal batekin eta handitzen doan heinean joan soka elastikoa laxatzen.
  • Eite handiko zuhaitza aukeratzen bada, sartu plastikozko hodi bat (makarroia) zulo ertzean, azalatik hondoraino, sustraiak ondo ureztatu ahal izateko.
  • Enborraren inguruan ez dadila belarrik hazi (pinu azalak erabili horretarako), zuhaitzaren hazkunde errazteko.
  • Birlandaketetan, zuhaitzek asko sufritzen dute. Hori dela eta, lagundu daiteke sustraitzeko hormonen bidez edo izerdia galarazteko sustantzien bidez.
  • Ez eraldatu zuhaitzaren oineko lurra.
  • Jarraitu ilargiaren faseak. Ilbehera da garairik onena birlandaketak egiteko, ongarria botatzeko, intsektuei aurre egiteko eta fruitu gehiago lortzeko asmotan inausketa egiteko. Zuhaitzari indarra emateko, berriz, ilgoran egin behar da inausketa eta egur ona lortzeko, ilargi betean.

OTSOA ILARGIARI ABESTEN
NATURAREKIN BATERA

2012/03/14

MARTXOAK, 15 - KONTSUMITZAILEEN ESKUBIDEAK

"Gure dirua, gure eskubideak" lema aukeratu du Consumers Internationel erakundeak.
Munduan dagoen krisialdiari lotuta, orain kontsumitzaileen mesfidantza erantsi behar diogu. 
Merkatua eta kontsumitzaileen arteko harremanak hobetu behar direla argi dago. 
Merkatuaren gehiegikeriei aurre egiteko elkarte asko sortu dira eta, nahiz eta aurrepausu asko eman babes mailan, arau eta protokoloen ugaritasuna itzelezkoa izan da. Gaur egun, erreklamazio bat egin nahi baduzu, milaka papera bete behar dira eta, holan eta guztiz ere, Administrazioak enpresa edo laguna zigortzeko  aukera  eskasa da oso.
Bestaldetik, toki batzuetan erreklamazio-orririk ez dute, edo ez dute ematen. Kasu honetan konplikatzeko gogo gehiago baldin baduzu, jakin ezazu badagoela beste papera betetzeko. 
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lurralde Bulegora eraman beharko duzu dokumentazio guztia (ez ahaztu ditxosozko kopia zuria; berdea zuretzat izango da eta arrosa merkatariarentzat). Erreklamazio egin duzunetik 15 laneguneko epean jasoko duzu erantzuna. Baina pentsetan baduzu ailegatuko dela, jai duzu! 
Eta ailegatzen bada? Hemen duzu oso baliogarria den katalogoa. 

2012/03/08

OSPAKIZUNIK?

Gaur emakume langilearen eguna ospatzen da. Holan eta guztiz ere, lanera joan behar dut. Baina, tira, bizitza horrelakoa da.
Emakumeen eskubideak erreibindikatzeko 1910. urtean ospatzea erabaki zen. Egun honetan beti izan ez dela aipatzeko beharra dago.
Baina, ezagutzen al da honen inguruko historia?
1911ko Martxoaren 25ean  New York-eko Triangle Shirtwaist oihalgintza fabrikan ehunka emakume zeuden greban. Lau hilabetetan egon ziren lantegian itxita euren esplotazio laborala salatzeko (astean 1,5 $ kobratzen zuten 60 ordutik gorako lan jardunagatik). Ez dago oso argi nor izan zen sute horren erantzulea. Batzuen esanetan, ugazabek su eman zioten eraikinari. 




Horren ondorioz, 146 emakume fabrikan bertan erre ziren. Beheko solairuko emakumeek baino ez zuten ihes egin. Beste batzuen ustez, istripua baino ez zen izan.








Baina, gaurkoari begira, benetan zeozer lortu da? Zer ospatu behar da?


Gehiagorik?





2012/03/06

KLIMA ALDAKETA

Naturgaia entrepresak sorturiko flash animazio bideo honetan  kontzeptu batzuk azaltzen dira. Segidan ariketa hauek egiteko aukera egongo da.




GALDERAK

KLIMA ALDAKETA (Infografia)


2012/03/02

PERITO MORENO, MUNDUKO ZORTZIGARREN MIRARIA

Argentinako hegoaldean dago elurgune hau (Patagonian). Glaziarren Parke Nazionalaren barnean. Glaziar edo elurgune honek 35 km. luze eta 5 zabal ditu. Otsailaren 29an hasi zen fenomeno natural hau martxan jartzen, eta martxoaren 2an izotzeko erraldoi honen 60 metroko pareta erori egin zen arratsaldean.Adituen esanetan barneko drainatzearen ondorioa da (Brazo Rico eta Los Tempanos kanala); hau da, azpitik dagozen ur-korronteek fisura eragiten dute kobazuloa osaturik. Dena den ikuskizun zoragarria natura berak eskaintzen diguna. Hementxe duzue 2008ko bideo polita. Irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago esaten du.

View more PowerPoint from home