Animalien eskubideen nazioarteko eguna
1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zen. Handik 50 urtera, 1998an, Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna finkatu zen: International Animal Rights Day.
Harrezkeroztik abenduaren 10a giza eskubideen aldeko eguna ez ezik sufritzeko eta gozatzeko gaitasuna daukaten gainerako izaki guztien eguna ere bada. Aldarrikapen eguna da, elkartasun eguna. Animaliekiko hartu-emanetan gizakiok dugun jarrera poliki-poliki aldatu nahi dugu. Ez dugu onartu behar, animalia-espezie jakin batzuek zientziare, kirolaren edo irabazteko irrika zoroaren izenean pairatzea.
Animaliok ere bizitzeko, aske izateko eta euren inguruan gozatzeko eskubidea daukate.
Ez da kontu erraza, ordea, gizarte kontsumista honek gero eta produktu gehiago eskatzen dituelako eta denbora-tarte txiki-txikian. Dena da "erabiltzea eta botatzea" gure neurrira eraikitako mundu zoriontsu horretan: larruzko berokiak harrotasunez janzten ditugu, ez dugu ezkutatzen zezenketetan parrandarako irrikan, kaioletako txorien abesti negartiez apaintzen dugu gure antzeztokia...
Txikitatik, heredatzen dugu animaliekiko basakeria: sugandilei buztana moztuz, eltxoei hegalak erauziz, txoriak harrikatuz... Gaztaroko ankerkeria hori kroniko bihurtu zaigu tamalez...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina