Santurtziar gehienok zergen bidez ordaindu ditugu gure kaleak eta plazak. Hala ere, Udalak gure gozamenerako izatea bermatu beharrean, mutu geratu da terrazen inbasioa baimendu duen bitartean.
Egungo aitzakia ostalaritzak pairatutako krisialdia pandemiaren ondorioz. Bada, ez dira bakarrak izan, eta besteok ez dugu inoren faborerik jaso, kontrakoa baino. Zergak eta bestelakoak ordaindu beharko ditugu. Edo agian Udalari burutik pasatuko zaio hurrengo urteari begira OHZ edo beste zergak ez kobratzea, tabernariekin egingo duen bezala?
Udaletxeak terrazen azalera handitzea baimendu duenetik, arazoak eta konfliktoak areagotu dira, herritarren konfrontazioa emanez. Denok genekien tabernak zabaldu bezain pronto kaleak beteko zirela inolako ordenarik gabe. Udalak emandako baimenak auzo bizitza eta oinezkoen segurtasuna kaltetu ditu. Udalaren ardura da herritarren osasuna bermatzea eta lehenengo betebeharra tabernen terrazen tamaina helburu horretarako egokitzea da, baina ez okupazio-metroak handitzeko, horiek murrizteko baizik, kalean ez baitago herritarren arteko distantziak mantentzeko espazio nahikorik.
Itsasalde kalean ezin duzu zure etxeko ataritik atera, eta lortuz gero maskararik gabeko pertsonen pare parean pasatu behar duzu, distantzia ez baitute errespetatzen. Horri gehitu behar zaio patineten eta bizikleten lasterketak abiadura handiz. Inguruan suertatu behar dituzu lurrean dauden zigarro-puntak, maskarak, pipak eta abar. Lorontziak tabernen zakarrontziak bihurtu dira eta atari ondoan edalontziak agertzen dira, laupabost egun pasatu behar garbitzaileak jaso arte (gogoz kontra). Parkeak eta plazak tabernen terraza pribatuak dira. Gure kaleetako eserlekuak tabernarien propietatea izatera pasatu dira. Anbulantzia behar izanez gero, aparkatu behar dute urrunago ez baitago lekurik terrazen inbasioa dela eta. Horren ondorioz ibilaldia eman behar duzu esku-ohean eta guztiz.
Beno eta lo egitea zientzia fikzioa da. Nahiz eta hirugarren fasean gaueko tabernak zabaltzea debekatuta egon, 03:15ak arte egon dira asteburuetan. Bitartean udaltzainak nahasmendu hori kontrolen bidez bermatu beharrean, izkutatuta ibili dira hortik eta agertu direnean terrazan daudenak agurtzeko izan da. Beste batzuetan telefonoz egindako kontsultan bakarrik gabon esateko izan da zintzilikatu baino lehenago.
Non daude etxeetako bizilagunen eskubideak? Argi dago espazio publikoen diseinuan aktore guztiak ez direla identifikatu. Ezjakintasuna edota axolagabekeria? Ez zegoen beste modurik? Adibidez, espaloiak libre utzi eta errepideei espazioa irabazi. Aparkalekuak errespetatu nahi baldin baditu udalak, hasi beharko du kobratzen OTAren bidez, beste herrietan egiten den bezala. Azken finean udaleko garajeek ordaintzen dute Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ), nahiz betiko propietaterik ez izan, aldi baterako baino.
Dena den, arazo hau ez da atzo goizekoa. Koronabirusa heldu aurretik arazo bat zegoen espazio publikoarekin. Tabernek eta jatetxeek gero eta gehiago jartzen dituzten terrazak gero eta handiagoak dira. Auzokideak espazio publikorik gabe geratzen ari gara. Ez dago oinez ibiltzerik.
Udala ez da molestatu tokian tokiko bisitak egiten; arazoak eta erabilera ohiturak identifikatzen, herritarrekin harremana izaten eta tokian tokiko informazioa jasotzen.
Konfinamenduak iraun duen bitartean herritarrok ilusio batean bizi gara eta normalean terrazaz beteta egoten diren gune eta plaza zabalak berreskuratu ditugu jolasteko, eseritzeko edo paseoak emateko. Orain, berriz, kalera irteteko gogoak txikitu dira terrazen tamaina egokitu beharrean txikitze aldera segurtasun distantziak mantentzeko, udalak justu kontrakoa egin baitu, salbuespen egoeran hartutako neurriak salbuespen egoera amaitzean bertan behera utzi behar direla adieraziz.
Antza adarra jotzen dabil udala, zeren denok baitakigu hori ez dela inoiz gertatu ostalaritzarekin.
Betidanik herri honetan tabernariek presioa egin dute euren interesen aldeko udal ordenantza bat lortzeko.
Kaleak oinezkoentzat egin dira eta espazio publikoaren pribatizazio handi bat gertatu da, terrazak handituz eta kontsumora bideratutako gune batean bihurtuz. Ez dago soberan gure agintariei gogoraraztea espazio publikoa eskubide kolektibo bat dela, auzo izaera eta gizarte harremanak sustatzeko oso garrantzitsua dena.
Orain hauteskundeei begira herritarrok parte hartze aktibo eta ez kontsulta hutsa izatea erreibindikatu nahi dugu. Gure agintariak ez badaude prest, hobe dute segurtasun distantzia mantentzea, askorik kostatuko ez zitzaiela betidanik aproposa edo ez aproposa (auskalo) herritarren urrun bizi dira eta.
Dendetan bezala "ez eragotzi" kartela zintzilikatu beharko dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina